| Aurkezpena |
 |
Espainiako Auzitegi Nazionalak bideratutako makro-sumarioek zuzenean kaltetutako pertsonak, zein sumario horiengatik kezkatuta gauden hainbat pertsonak osatzen dugu 18/98+ lan-taldea. Izan ere, laster hastekoa da sumario horri dagokion ahozko ikustaldia. 18/98 sumarioa, zilegi eta bidezkoak diren jarduera politiko eta sozialak ETAren konplize, laguntzaile edo kide izatearekin parekatzen dituen tesia frogatzea helburutzat duen sumario iturburua da. Orain epaiketan frogatu nahi duten tesi horretatik agintekeria nabarmeneko aro politiko baten erakusgarri izan diren sumario eta jarduketa ugari sortu dira.
Jardunbide horietan Zuzenbidezko Estatuaren funtzionamendu normalaren aldean oso larriak gertatzen diren bidegabekeriak aurkitzen ditugu, hala nola:
- auzipetuen berme juridikoak ezabatzea: fidantza ekonomiko neurrigabeak, espetxealdi prebentiboaren erabilera neurrigabea, tortura eta tratu txarren salaketa ugari eragin dituzten atxiloketak.
- legeriaren erabilera politikoa, zehaztu gabeko delitu-tipoen ezarpen malgu eta zabalegia eginez eta froga bezala baliorik ez duten dokumentuetan oinarritutako jardunbide ideologizatuak bultzatuz.
Gorabehera horiek guztiek estrategia politiko jakin baten esanetara hartutako neurriak uzten dituzte agerian. Estrategia horren helburua Euskal Herriko esparru sozial eta politiko zabal bat espainiar legeriatik kanpo uztea izan da eta, horretarako, Euskal Herria herri bat dela eta herri bezala erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzen duten pertsona eta taldeen askatasun zibil eta politikoak adierazpen askatasuna, biltzeko eta elkartzeko eskubideak, askatasun ideologikoa eta disidentziarako eskubidea urratu dira.
Ustezko delituak zigortzeko duen betekizun logikoan babestuta, gure gizartearen baitan zilegi diren bideak erabiliz zilegi diren helburuak lortu nahi dituzten bidezko ideia, ekimen eta jarduera sozial eta politikoak kriminalizatu ditu Estatuak.
Norbanakoen zein kolektiboen eskubideen urraketa horiek euskal gizarte osoa jo dute zuzenean. Eskubide, askatasun eta berme horiek herritar guztion jabetzakoak dira, pertsona guztionak, alegia, auzipetuta egon ala ez. Horregatik, ezin ditugu epaiketa horien aurrean axolagabekeriaz jokatu.
18/98+ lan-taldea osatzen dugunok ez gatoz bat ezinbestean gure ikuspegi politiko eta sozialetan, baina guztiok ere uste dugu babestu egin behar dela ikuspegi horien alde egiteko eskubidea. Bere aniztasun eta aberastasun soziala errespetatzen duen Euskal Herria askatasunez eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuz eraiki ahal izatea aldarrikatzean dugu, beraz.
18/98 + LAN TALDEAK, Euskal Herrian, 2004ko abenduan
|